XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Barañaingo haurtzaindegia berrirekitzea esijitzen diote Udalari
Barañain.

Barañaingo Haur Eskolaren aldeko taldeak komunikatu bat eman du argitara, herri honetan bizi duten egoera salatuz, nahiz eta haurtzaindegitik bidalitako langileek epaiketa irabazi zentro honek itxita jarraitzen bait du, Udalak bota ezin izan dituen langileak beste lanpostu batzuetan jarri dituelarik.

Lehen aipatutako haur eskolaren taldeak dioenez, Barañain mota honetako zerbitzurik gabe gelditu da, nahiz eta Nafarroan ume gehien jaiotzen diren herria izan, 300en bat urtean, bertako bizilagunak oso bikote gazteak bait dira gehienbat.

Beraz, Iruñeko haurtzaindegietara bidali behar dituzte Barañaingo gurasoek beren seme-alabak.

Egoera honen errua Barañaingo Udaleko PSOEren taldeari leporatzen diote gurasoek eta haur eskolaren aldeko taldeak.

Komunikatuan diotenez, badirudi PSOE emakumeak etxean umeak zaintzen gelditzearen aldekoa dela.

Barañaingo umeei beste umeekin egotea eta mota guztietako estimuluak jasoz beren nortasuna aberasteko aukera ukatzen zaizkielarik.

Haurtzaindegia irekitzen ez bada, Barañaingo ume gehienek Iruñeko haur eskoletara joaten segitu beharko dute, edo bestela etxean sarturik egon beharko dute.

Bitartean, orain arte erabilitako lokalek itxirik segitzen dute, Udalak bidalitako langileak berriz hartu behar dituelarik.

Beraz, egoera honen aurrean irtenbide logiko bakarra haurtzaindegia berrirekitzea litzateke, gurasoek eta haur eskolaren aldeko taldeak behin eta berriz eskatu dutenez.

Baina badirudi Udalak ez duela egoera hau onartu nahi eta, haur eskolaren aldeko taldeak salatu duenez, berronartu behar izan dituen langileentzako lanpostu artifizialak sortu behar izan dituen.

Guzti honen aurrean, Udalak, edo haurtzaindegiaren kontra dauden indar politikoek, zerbitzu hau, oso garestia dela eta klase akomodatuenek erabiltzen dutela dio, baina gurasoek ez dute hala uste, eta emakumea etxean, lanik egin gabe mantendu nahi duen jokabide hau salatzen dute.

Komunikatuan adierazi dutenez, krisi garai hauetan emakumeak ateratzen dira galtzaile.

Beste alde batetik, Udalak ez du zerbitzu hau bere gain hartu nahi, baina badirudi enpresa pribatu baten eskuetan uzteko prest dagoela, horrela Barañainen lortu den zerbitzu sozial bakarra alde batera utziaz.

Gurasoek, beren aldetik, haur eskola herrikoi bat eskatzen dute, herriarentzat zerbitzu bat izanen dena, tasak errentaren arabera kobratuz.

Haurtzaindegia zabalik nahi dute Barañainen.